Estrategia hori jendaurrean aurkeztuko zaie inplikatutako sektore guztiei, datorren urtearen hasieran egingo den jardunaldian. Lan Sailburuordetzak, Osalanek, Confebaskek, Langile Komisioek eta UGTk, Mahaian parte hartu dutenek, azpimarratu dute “estrategia hori zeharkakoa dela, eta funtsezko tresnatzat hartu dutela, ez soilik datozen bost urteetan lan-osasuneko politikari koherentzia emateko, baita Jaurlaritzaren ekintza osoari langileen osasunaren ikuspegi integratu eta globala helarazteko ere, politika publiko guztien funtsezko elementu gisa”.
2021-2026ko Laneko Segurtasun eta Osasun Estrategiak 12 helburu estrategiko eta 33 helburu operatibo ditu, eta lehentasunezko 50 ekintzatan deskribatzen dira. Berritasuna da pertsonak sartzea jarduketen ardatz gisa, eta ez soilik lantokia, gure erkidegoko langileen lan-bizitzaren kalitatea hobetzeko.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren politiken helburuetako bat laneko osasuna sustatzea eta prebenitzea izatea lehenesten du, bereziki, besteak beste, generoa, adina, jatorria eta dibertsitate funtzionala direla-eta osasun-desberdintasun handienak izan ditzaketen pertsonengan. Era berean, laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen intzidentzia-tasak murriztea du helburu, orokorrak eta sektoreka. Horregatik, 2021ean hainbat saiotan landu den bezala, prebentzio-premia duten arrisku-faktore gisa sartzen dira generoari, biztanleria landunaren zahartzeari edo arrisku psikosozialei buruzkoak.